Oxabi Ibilaldian eta Gaztean!

33683611_10155850390409514_8222966130893914112_o

Maiatza amaitzeko, eta ekaina “mugituari” hasiera eman baino lehen, udaberriko hilabete eder honi urteroko hitzordu garrantzitsu batekin eman genion amaiera: Ibilaldia!

Aurtengo edizioa Santurtzin ospatu zen maiatzaren 27an, eta Oxabitarrak ere, beste urte batez, bertan izan ginen inguruko denak dantzan eta kantuan jartzeko asmoz.

Izugarri gozatu genuen, eta plaza lepo gazte jarri zen gu hasi orduko.

Behin gazteak aipatuta, hementxe taldeko abeslariak, Jonek, kontzertuaren ostean Gaztea irratiko “Be positive” saiorako zuzenean eskainitako elkarrizketa. Ibilaldiko kontzertuaz, aurreko igandean minbizia duten haurren alde eskainitako elkartasun kontzertu bereziaz eta hemendik aurrerako kontzertuez aritu zen Jon Txurru DJ eta esatariarekin.

Entzun elkarrizketa osorik, hemen:

Gaztean aipatutako kontzertuak eta gehiago gertu-gertutik jarraitu gura badituzu, jarraitu Oxabi Sare Sozialetan edo ikusi gure Agenda!

 

Elkartasun kontzertu historikoa!

Musika talde bat sortzen duzunean, nekez imajinatuko duzu zenbat emozio sortuko dizkizun agertokira igotzeak.

Gure kasuan, erromeria izanda, inork ez liguke esango orain 12 urte Oxabik hainbeste emango zigunik, musikalki eta are gutxiago pertsonalki.

Irribarre ezin handiagoz esan dezakegu Oxabik plaza txiki eta handietan jo duela, ozta-ozta sartu garen agertokietan zein batetik bestera korrikaldi ederrak egiteko aukera ematen dizkizuten oholtzetan. Denek dute zerbait berezi, eta denek eskaintzen dizute zerbait berria, nondik ikasi.

San Mames zelaian bi aldiz izan gara milaka pertsonaren begiradapean jo eta kantuan, Gure Esku Dagoren ia urteroko amaiera-jaietan ere izan gara kontzertuak eskaintzen Durangoko Landakon hasi eta Bilboko Areatzan hainbat gonbidaturekin batera amaituta, zenbat jaialdi, Gaztetxe, Ibilaldia, Kilometroak… eta gure hizkuntza zein kulturaren aldeko zenbat jai txiki eta handitan izan garen. Ai ama! Ezin denak testura ekarri, baina denak doaz bizitzaren motxilatxora… Eta motxila handitzen doa kontzertuz kontzertu.

Baina zalantza gabe, eta aurretik eskainitako ehunka saioak gaitzetsi barik, kontzerturen batek gure motxilan leku nabarmena izango duenik bada, atzo Gernikan minbizia duten haurren alde eskaini genuen hori izango da.

Musikaren adierazpenik zoragarrienak batu gintuen atzo Gu be zuek gara lemapean, zeinetan Gatibu, Hesian, Vendetta, ETS, Gozategi, Betagarri, Txapelpunk eta beste hainbat taldeko musikarirekin batera elkartasun kontzertua eskaini genuen. Jarraituko dugu gure eskubideen, hizkuntzaren eta kulturaren alde elkartzen, baina ezingo genituzke horiek egin bizitza bera aldarrikatu gabe.

Horregatik, bizi dugun erritmo jasangaitz honetan etenalditxoa egin, bizitzaren lehentasunak zeintzuk diren gogoratu eta benetan merezi duten horiei babesa emateko batu ginen atzo: ospitalean edo etxean tratamenduaren zain dauden haur eta neska-mutil horiei gure aupadatxoa emateko. “Gu be zuek garelako”, eta gu ere agian bihar, zuen lekuan egon gaitezkeelako. Doala beraz gure musurik handiena gaixotasun baten kontra borrokan ari diren heroi guztiei. Gure miresmen osoa duzue. Aurrera beti!

Elkartasunak egiten gaitu handi. Eta ezin begiak negar malkoz bustirik eskerrak eman gabe amaitu. ESKERRIK ASKO ERRALDOIA La Cuadri del Hospi elkarteko familia guztiei, atzoko jaiaren elkarte eta pertsona antolatzaileei, ekimen honen sortzaile izan eta Oxabiri elkartasun kontzertu berezi bat antolatzeko ardura (ohorea!) eskaini izanagatik. Mila esker oholtzara igo zineten lagun guzti-guztiei, ezkutuan jo ta su lanean aritu zineten teknikari, argazkilari eta laguntzaile guztiei… Eskerrik beroena gure talde osoari ere, noski, talderik gabe guzti hau gure azaletik bizitzea ezinezko izango genukelako. Eta nola ez, eskerrik asko Gernika olatu urdin bilakatu zenuten milaka pertsonei!

Bizitzaren aldeko borrokan ere, musika beti izango dugu gurekin. Ez ahantzi.

 

Elkartasun kontzertua Gernikan!

Gu-be-zuek-gara-aurkezpena-Gernika

Atzo prentsaurrekoan aurkeztu genuen minbizia duten haurren alde eta “Gu be zuek gara” lemapean La Cuadri Del Hospirekin batera maiatzaren 20rako antolatu dugun jai eta kontzertu solidarioa!

Iazko jaia zoragarria izan zela ikusita, aurten kontzertu berezia egiteko eskatu ziguten, eta horretarako zer hoberik lagun bereziz elkartzea baino! Gure artean izango dira Gatibuko Alex eta Haimar, Vendetta taldeko Pello Reparaz, Hesian taldeko Zuriñe eta Fran, Txapelpunkeko Iñigito, En Tol Sarmientoko Iñigo, Betagarri taldeko Iñaki, Revolta Permanenteko Iker Villa, Enkoreko Xabi Hoo, Gozategiko Asier eta Iñigo, MarenDientes de Luna taldeko Iturbe, Unai eta Aimar… Eta ostean Txurru eta Oihan Vega!!!

Esperientzia zoragarria izango da, bazatoz?

Batutako diru guztia tratamendu onkologikoan dauden haur, nerabe eta familientzat Barakaldoko Gurutzetan arnasgune izango den itxaron gela eraikitzera bideratuko da. Maiatzaren 20ko jaian Gernikan ikusiko dugu elkar!

Hauxe Oizmendi telebistak eskainitako prentsaurrekoaren albistea (03:04. minututik aurrera Jon taldeko abeslariak eskainitako adierazpenak):

Ekimenaren berri beste hainbat komunikabidetan:

GAZTEA
‘Gu be zuek gara’ egitasmo solidarioak musikaz jantziko du Gernika

BUSTURIALDEKO HITZA
Marea urdinak ekintzaz beteko du maiatzaren 20a

DEIA
Gernika se teñirá de azul por el cáncer infantil

EL CORREO
Gernika cierra filas por los niños con cáncer

31841445_617975068537530_917378067800784896_n